XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, gizonezkoen komuneko leihatila txiki bat patio handira begira zegoen, eta, kristal zaharra pixka bat apurtuta zegoenez, barruko gizonek egiten zuten guztia argi ikusteko aukera zeukaten patioko ume kuxkuxeroek.

Isilpean begira egon ziren, leihatilaren ondoan pilaturik apustuak egiten txizatien portaerari buruz: baietz bota txistua txizarrada amaitu aurretik; baietz begiratu sabai aldera amaitu aurretik; baietz txarto apuntatu eta txiza komuneko zulotik kanpora botata zapatak zipriztindu...

Azkenean, apustuetako galtzaileek irabazleei arbeletxeko-hezur bana ordaindu eta jolasera itzuli ziren denak.

Bidaztiak bere irudimenean bakarrik ikusi zituen eszena haiek, une hartako egoera guztiz desberdina baitzen: patio biak hutsik zeuden, ez zegoen ume bat ere olgetan bai, ordea, baloiaz jolasteko debekua adierazten zuten letreroak, eta gainera, Jaliscoren komunera begira zegoen leihatila konponduta eta itxita zegoen.

Gogoa nahasturik sentitu zuen bat-bateko burutazio ulergaitz haiengatik~ eta are gehiago nahastu zen patio handi eta huts hartan bizkar aldetik mutiko baten irudi lausotua ikusi uste izan zuenean, laugarren atarirantz abiatzen.

Atea ireki aurretik geratu egin zen eta buelta eman zuen.

Arestiko irudikapenetan ikusitako kopetile luzeko mutiko ilehoria zen.

Bidaztiari irribarrea eskaini eta atzetik segitzeko keinua egin zion, baina berau, begirada zuzen haren ondorioz, izutu egin zen eta, atzera eginez, patio txikirako eskailera-mailak tupustean jaitsi eta Hego kaleko espaloira irten zen.

Ezkerretarantz jo eta aldapan gora abiatu zen martxa bizian, arnasestuka, izandako izualdia arindu nahian eta gertatzen ari zitzaiona ulertzeko ahaleginak eginez.